“Gazan egoera izugarria eta arriskutsua da: bonbardaketak, sarraskiak, hondamendia, gosea, gaixotasunak… finean, biziezin bihurtzen ari dura gure lurra.
Israeldarren okupazioak genozidioa dakar gu palestinarron aurka, eta, gainera, gosearen politika baliatzen du bizirik geratzen garenok desplazatzeko.
Hemen zaila da antolatzea, erakundeek eta zuen moduko lagun batzuek ematen diguten laguntzarekin bizi gara. Inguratzen gaituzte hildakoen gorpuek, israeldarren gerra-makineriak suntsitutako eraikinek, hondakinek, estolderia-sare suntsituek, argindar-etenek eta ur faltak.
Ur edangarriaren banaketa bidez ehunka familiarengana iristen gara eta ur edangarria jartzen dugu haien eskura, baina ezin diegu zerbitzua bermatu. Elikagaiei dagokienez, hamarnaka familiarengana iristen gara, baina hori ere aldizkako laguntza da. Ez dakigu zenbat iraungo duen gerra honek, eta okupazioak den-dena suntsitzen jarraitzen du, ez dago esperantza-izpirik gerra hau gelditzeko”.
(F. O. - 2024ko uztaila, Gaza iparraldea)
Nortzuk gara?
Espainiar Estatuko hainbat kolektiboz eta sindikatu-erakundez osatutako talde bat gara, elkartasunezkoak eta antikolonialak, eta 20 urte baino gehiago dira Gazako Langile Batzordeen Batasun Independentearekin lan egiten dugula, Palestinan bizitza eta etorkizun aske eta bidezko bat defendatzen duen herri-sareari laguntza ematen. Israelek Gazan operazio militar genozida abiarazi zuenetik lanean jarraitzen dugu, zailtasunak zailtasun, Palestinako herri antolatuari babesa emateko, eta haien ahotsa erresilientzia eta duintasun eredu gisa entzun dadin gure herrialdean.
Zer egiten dugu?
Gazako zerrendan egoera guztiz katastrofikoa da, han bertan egoera askoz okerragoa da sare sozialen bidez eta tokiko kazetarien lanari esker iristen zaizkigun bideoetan ikusten duguna baino. Kazetari horiek, nahiz eta Israelgo armadak haien aurka jotzen duen egunero, zuzenean eta nahita, beren bizitza arriskuan jartzen segitzen dute, Gazan gertatzen denaren berri emateko. Israelgo Estatu genozidak blokeopean dauzka Gazako biztanleak, lurra, itsasoa eta airea hartzen dituen erabateko blokeo baten pean. Laguntza humanitarioa tantaka sartzen da eta iparraldera ia ez da iristen. Jendea gosez akabatzen ari dira, literalki. Israelek gerra-arma gisa baliatzen ditu gosea eta egarria bere genozidio-planean, Palestinako herria bere lurretik botatzeko.
Kaleetan egin daitekeen zabalpen- eta ekintza-lan guztiaz gain, haiei laguntzeko daukagun modu bat dirua bidaltzea da. Hala, oinarrizko elikagai batzuk eros ditzakete goseari, malnutrizioari eta egarriari aurre egiteko. Bizitza defendatzeko lan hori auzolanean egiten dute, herri-saretik, horrek eusten baitio Palestinako herriaren iraganari, orainari eta etorkizunari.
Guk bidaltzen diegun dirua hainbat esku-hartze moduren bidez erabiltzen dute:
- Elikagai-saskiak banatzeko.
- Ur edangarria banatzeko.
- Eskudirua emateko.
- Haurrei laguntzeko.
Nola egiten dugu?
Dagoeneko egin ditugu hainbat diru-bidalketa, banakoen eta taldeen donazio bidez eta gauzatzen ditugun jardueren bidez bildutako diruarenak.
Dirua bidaltzen dugu Gazako Langile Batzordeen Batasun Independentearen bidez. Erakunde horrekin 20 urtetik gora aritu gara lanean, Palestinako gobernuekiko independentea da eta askotan erakutsi digu interes bakarra duela: Gazako zerrendako langileak, gazteak eta emakumeak, eta Palestinako herriarentzat etorkizun aske eta bidezko bat eraikitzeko borroka nekaezina. Dirua zuzenean iristen zaie, bitartekaririk gabe.
Janari-banaketa errespetu osoz egiten da, pertsonen duintasuna zainduz. Ahal den guztietan, leku itxietan egiten dute, edo zuzenean etxebizitzetan; hartara, jende-pilaketak dakartzan egoera estu eta arriskutsuak saihesten dituzte, Gazako herritarrei gizatasuna kentzen dietenak. Eremu seguruak izaten dira emakume eta umeentzat ere, herri-saretik datozelako. Baldintza horietan ezinezkoa da justifikanterik lortzea, baina Gazako lagunek den-dena dokumentatzen dute bideo eta argazki bidez.
Egiten dugun ezerk ez du subentziorik, biltzen dugun diru guztia banakoen donazioetatik dator, eta hainbat kolektibok eta elkartek antolaturiko ekintzetatik.
Eta bertako pertsonak dira munduan zapalduta dauden guztientzat etorkizun bat eraikitzen ari direnak, beren erresilientziarekin eta herritarren euren erresistentzia-moduekin.
Erabat sinetsita gaude soilik herriak salbatzen duela herria.
Edozein donaziok laguntzen du, txikia izanda ere. Gazako biztanleei asko laguntzen dio, oinarrizko elikagaiak eta premiazko produktuak eros ditzakeelako, eta, gainera, elkartasun moduan iristen zaie, sentiarazten die ez daudela bakarrik, eta kanpoan ere borrokan jarraitzen dugula, genozidio hau gelditzeko eta salatzeko.
Nola lagundu dezakezu kanpaina honetan?
Talde eta elkarte guztiak animatzen ditugu Palestina ardatz duten ekintzak antolatzera.
Talde batekoak bazarete, eta ekintzaren bat antolatu nahi baduzue kanpaina honetarako dirua biltzeko, jar zaitez harremanetan gurekin eta azalduko dizugu nola egin.
- Banakoen edo taldeen donazioak bildu.
- Itsulapikoak jarri taberna, saltoki eta elkarteen lokaletan.
- Herri-bazkariak, hitzaldiak edo zineforumak antolatu.
- Kufijak, banderak edo elkartasunezko beste materialen bat saldu eta kanpainari zabalpena eman zuen kontaktuen artean.
- Egizu zure ekarpena kontu korronte honetan: Ajuda Obrera Internacional ES83 2100 0614 3402 0043 0991